Adinkidek, Gipuzkoako zenbait udalerritan (Donostian, Lasarte-Orian, Tolosan eta Pasaian) adinekoei laguntzeko sortutako boluntariotzako GKEak, Auzokide Bikainak proiektuaren grandesvecinos.org/eu webgunea jarri du abian, Frantziako Voisin-Age proiektua inspirazio hartuta.

Auzokide Bikainak proiektuaren bidez, adinekoen bakardadearen prebentzioan lan egiten du Adinkidek, adinekoekin auzo-harremanak berreskuratuz. Adinberrik, Gipuzkoako Foru Aldundiak zahartze osasungarriaren aldeko ekimen berritzaileak bultzatzeko sortu duen programak, Adinkideren proiektua garatzen laguntzen du.

auzokide bikainak

Helburu hau du plataforma berriak: Adinkidek adinekoen bakardadeari aurre egiteko auzoetan sustatzen dituen hurbiltasunezko harremanak indartzea, bitarteko digitalen bidez. Teknologia berriak aliatu ezin hobeak dira benetako harremanak, aurrez aurrekoak, bultzatzeko, eta harreman horiek ezinbestekoak dira pertsonen garapena eta ongizatea lortzeko bizitzako adin guztietan, baina, batez ere, zahartzaroan. Hala erakusten du, adibidez, egungo pandemiak.

Adinkidek kalean adinekoak eta auzokideak harremanetan jartzen dituenean gertatzen denaren luzapena da tresna hori, telefono mugikorrez, tabletez edo ordenagailuez baliatuta, laguntasunezko loturak handitzen eta sendotzen laguntzen baitu.

Lotura euskal enpresak garatutako tresna segurua, erraza, intuitiboa eta moldakorra da, eta Adinkideko lantaldeak aldez aurretik egiaztatutako pertsonak jartzen ditu harremanetan. Gainera, GKEaren gainerako jarduerak bezala, erabat doakoa da.

ERABILTZAILEEN NEURRIRA

Appei eta teknologia berriei buruzko hainbat saio eta tailerren bidez, lehendik ere Auzokide Bikainak programan parte hartzen zuten askotariko adin eta profiletako pertsonen premiak eta lehentasunak jaso dira. Pertsona horiek aplikazioaren kontzeptualizazio-, garapen- eta testatze-faseetan esku hartu dute, eta, horri esker, plataforma erraza eta erabilgarria diseinatu da, auzoan gizarteratze- eta laguntza-sareak sortzen laguntzeko.

Auzokide Bikainak auzo-taldeak sortzen ari da, batetik, Trintxerpen eta San Pedron (Pasaian) eta, bestetik, Intxaurrondon (Donostian). Horretarako, Adinkideko lantaldea ekimen komunitario eta tokiko baliabide publiko batzuekin ari da koordinatzen. Horietako batzuk dira Hurkoa eta Biodonostia (Pasaian), Donostiako SSI taldearen «Begirada Aktiboa» programa eta Intxaurrondoko «Erlauntza» lan-mahaia. Azken hori Donostiako Udaleko Osasun Sustapenaren departamentuak sustatu du, espazio publikoetan auzo-bizitza dinamizatzen duten eragileekin sarea osatzeko.

ZER EGIN DEZAKEZU AUZOKIDE BIKAINAK-EN WEBGUNE BERRIAREKIN?

Auzokideekin era irekian txateatu «hasiera» orrialdeko horman, parte-hartzaileen urtebetetzeak ikusi eta parte-hartzaileek partekatutako auzoko beste efemeride eta informazio interesgarriak jaso.

Pertsona batekin edo batzuekin elkarrizketatu, «nire auzokideak» erlaitzari esker. Horrela, konfiantzazko guneak eskaintzen dira, pertsonak modu pribatuan harremanetan jartzeko.

Zure auzoko ekitaldiak ikusi, proposatu edo horietan izena eman, «ekitaldiak» atalean. Beste auzokide batzuek antolatutako talde-planetan parte hartzeko asmoa berretsi daiteke, baita beste plan batzuk proposatu ere, auzoan jarduera interesgarriez gozatzeko beste pertsona batzuek lagunduta: zerbait hartu, paseatu, kulturari edo aisiari lotutako ekitaldi batera joan, bazkari bat antolatu, urtebetetze bat ospatu eta abar.

Auzoko jardueren argazkiak argitaratu edo ikusi, «galeria» atalean. Topaketa bakoitzaren ondoren, argazki guztiak partekatu eta gorde ahal izango dituzte parte-hartzaileek.